FILOSOFIA


EROSO-ren helburu nagusia ekonomia lokala sustatzea eta berpizten laguntzea da, gizartearentzako puntako zerbitzua eskainiz. Horretarako, gaur egungo kontsumitzeko joeretara egokituko den eta maila goreneko teknologia erabiliko duen jarduera eskaini nahi diegu Arrasateko herritarrei zein ostalari, komertzio txiki eta lehen sektoreko ekoizleei.


TRADIZIOA ETA JOERA BERRIAK UZTARTUZ


Tradizioa zaintzea oso garrantzitsua da EROSO-rentzat, eta gure helburua horrek betiere bizirik irautea da. Hau, baina, garaira egokituta eta estrategia berritzaileen bitartez lortzen dela uste dugu, hein handi batean.

Horregatik, Arrasateko komertzioei, jatetxeei eta lehen sektoreko produktoreei aukera hori eman nahi diegu, eta online plataforma bat eskainita denda eta tabernen errentagarritasuna hazi nahi dugu, etorkizunean ere, euren presentzia kaleetan bermatzen lagunduz.


ARIMA DUEN EGITASMOA


Gainera, jarduera hau ez litzateke jarduera ekonomikoa izango soilik, baizik eta arima duen egitasmoa izatea gustatuko litzaiguke. Aurrez aipatu bezala, ekonomia lokala sustatzea izango da gure helburu nagusia. Herriko komertzio txiki eta jatetxeak zaintzeaz gain, inguruko nekazari eta abeltzainak ere bultzatuz.

Honez gain, pertsonak zaintzea ere izango da gure balore nagusietako bat. Gure langileen eta hornitzaileen baldintzak zainduko ditugu, betiere duinak izan daitezen.

Euskara izango da gure komunikaziorako hizkuntza nagusia. Hala, euskarri ezberdinetako lehen hizkuntza eta harremanetarako erabiliko dena euskara izango da. Nagusiki, gure banatzaile guztiak euskal hiztunak dira.

Guzti horrez gain, kalitatezko produktua eta osasuntsua zaintzea ere du helburu proiektu honek.  Azken finean, gure zerbitzuen bitartez EROSO Eskatu, Jaso, Dastatu eta Gozatu ahal izango duzuela espero dugu!